2016.05.10 / Azken berriak
Petritegin, bi sagardo natural mota egiten ditugu, Petritegi sagardoa eta Petri sagardoa; Petrik, hain zuzen, Eusko Label kalitate ziurtagiria du. Sarritan, gure sagardoaz galdezka aritzen zaizkigu bezeroak edo erosleak; izan ere, jakin nahi izaten dute zein desberdintasun dagoen bien artean, eta horixe azaldu nahi dizuegu, ezberdinak izanik ere antzekotasun asko dituztelako.
Esate baterako, Petritegi sagardo naturala eta Petri sagardo naturala biak daude era tradizionalean eginak Astigarragako gure instalazioetan, eta dagozkien kalitate kontrolei jarraituta; kalitate hori, nola ez, sagastian bertan hasten da gauzatzen. Gakoa gure sagardogileak eta baserritarrak dira (tokiko hornitzaileak); horiek, Gipuzkoako Aldundiko teknikari agronomoak lagunduta, sagarra biltzeko une optimoa zein den erabakitzen dute. Gaur egun, Petritegin 25 sagar mota baino gehiago erabiltzen ditugu sagardoa egiteko; batzuk gaziak dira, beste batzuk mikatzak eta beste batzuk gozoak. Petritegiko sagardogileek, horiek denak behar bezala nahasita, gure sagardo naturaletan hain berezia den zaporea lortzen dute.
Petritegi sagardoaren eta Petri sagardoaren arteko desberdintasun nagusia sagarren jatorria da. Petritegi sagardo naturala egiteko, %70era ere iristen da bertako sagarren kopurua; gainerakoa sagardoa egiten duten beste eskualde batzuetatik etortzen da. Sagardo horren ezaugarrietako bat zaporea da, oreka perfektua gordetzen baitu: batetik, freskotasuna dakarren gazitasun puntua eta, bestetik, mikatz sotilak ahoan ematen duen amaiera atsegina.
Petri sagardo naturala egiteko, berriz, bere Eusko Label kalitate bereizgarri eta guzi, erabat EAEko sagarrak erabiltzen dira; batez ere, Gipuzkoako gure sagastietakoa. Kontuz-kontuz aukeratzen dira HAZI fundazioak babestutako aldaerarik onenak. %100 bertako sagardoa da, oso orekatua alde guztietatik eta fruitu aroma atseginekoa.
Argi dago Petritegiren bi sagardo naturalek ezaugarri propioak eta erraz ezagutzeko modukoak dituztela; hori eskarmentuak ematen du, eta berebat Petritegi Taldearen lan onak; ez alferrik daramatzate bost belaunaldik 100 urtetik gora sagardoaren tradizio luzean.